Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
6.1. Carmenen lekukotasuna: senarrarekin Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpeko egoitza-zentro batean bizi den 95 urteko emakumea
Carmen 95 urteko emakume bat da, bizitzaz beterikoa. Jantzi dotoreekin eta ongi zaindutako itxurarekin, bizitzeko gogoz eta aldarte onez gainezka dago. Profesional liberal gisa aritu da lanean bizitza osoan zehar. Gerra zibil bat, gerraoste bat eta beste hainbat inguruabar bizi izan ditu. Hala ere, bere energiak berean dirau. Oraindik hunkitu egiten da lehenengo senargaia frontean galdu zuela gogoratzen duenean –"min iraunkor bat da"–, eta, baieztatzen duenaren arabera, bere bizitzako urte onenak laurogei urte zituenetik laurogeita hamar izan zituen arte igarotakoak izan ziren, Javier senar maitearen ondoan, berak autonomia zuenean eta senarrak gidatu ere egin zezakeenean.
Gaur egun, biak Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpeko egoitza-zentro batean bizi dira, eta bertan oso tratu ona jasotzen duela dio.
Aipatu digunaren arabera, bere gainbehera 91 urte zituelarik hasi zen, eskuetako indarra galdu zuenean eta arazo horrengatik ebakuntza egin ziotenean. Ordura arte bere etxeko lanak, otorduak… berak egiten zituen, garbiketa lanetarako pertsona baten laguntza edukita. Une horretatik aurrera, hiru emakume txandakatu egiten ziren berari eta Javier senarrari arreta emateko. Laugarren pertsona bat ere bazen, asteburuetarako. Carmenen esanetan, "hori iskanbila itzela zen, beraz, egoitza batera joan behar ginela erabaki genuen".
Egoitza pribatu batean sartzeko beharrezko izapide guztiak egin zituzten, baina eraikin hura eraitsi egin zuten.
Une horretan, Carmenek bere konfiantzazko pertsona batengana jo zuen. Pertsona horrek egun bizitokitzat duen egoitza-zentroarekin harremanetan jarri zuen, orienta zezaten eta bertan sartzeko izapideak erraz ziezazkioten. Egoitza-zentro horretako gizarte langileak beharrezko kudeaketa guztietan gidatu zuen, besteak beste mendetasuna baloratzeko eskabidearen izapideetan.
Esan digu Sendagileen Elkargo Ofizialeko sendagile bat bere etxera joan zela, balorazioa egitera.
Hasiera batean, bikotekideetatik bakar batek ere ez zuen mendetasunaren egoeraren aitorpenik eskuratu, eta autonomo izatearen balorazioa eduki zuten. Ondorioz, ezinezkoa izan zitzaien foru sareko plaza bat eskuratzea. Horregatik, balorazio hori berrikus ziezaietela eskatu zuten, eta, horretarako, osasun txosten berriak aurkeztu zituzten. Horietan, besteak beste, gerrako zauri batzuk Javier bere ezkontideari utzi zizkioten ondorioen berri ematen da.
Berrikuspena eta gero, senarraren mendetasun egoera aitortzen da, eta horrek egoitza arretako foru zerbitzuan sartzeko eskubidea eman zien. Mendetasuna duen pertsona baten ezkontide den heinean, emakumea ere sartu zen egoitzan, hain zuzen ere araudi bizkaitarraren aurreikuspenari jarraiki.
Carmen nahastuta dabil beren sarreraren izapideei buruzko gai teknikoekin: "egun osoan pertsona bat behar ez dudala eman didate"; "niri mendetasuna eman didate"; "Zein mailatan? Uste dut ez dagoela idatzita, baina elbarritzat jo naute"; "gu Aldunditik sartu gara". Edonola ere, horrek ez du kezkatzen; informazioa eta orientazioa ongi eman dizkiotela uste du eta baita senarrak eta berak nahi zutena lortu dutela uste ere, alegia, atentzio egokia eskuratzea. Hilero beren diru-sarreren % 85 eta % 95 artean ordaintzen dute.
Carmenek emandako xehetasunen arabera, esan daiteke eskuratu duten egoitza arretarako baliabideak arreta soziosanitario osoa ematen diela.
Egia esan bikoteko bi kideak pozez zoratzen daude beren egoera berriarekin. Egoitzara etortzea askatasun osoz erabaki zuten, etxean eguneroko bizitzako jarduera batzuekin zenbait arazo zituztela ikusi zuten-eta. Arazo horiek egoitzan konponduta dituzte. Horrela, Carmenek zera esan digu: "kontent zaude altxa egiten zaituztelako".
Gainera, aurreko bizitokitik gertu dagoen ingurune batean daudenez, ez da aldaketa adierazgarririk egon haientzat eta iloben bisitak edukitzen dituzte maiz.
Egunerokoan, jaiki egiten dira eta, beren burua txukundu eta gosaldu eta gero, Carmen mezetara eta goiz horretan animazio sailean dauden jardueretara joan ohi da. Javier senarrak denbora luzera eskaintzen dio irakurtzen aritzeari. Bazkaldu eta atseden hartu eta gero, animazioko jarduera orokorretara jaitsi ohi dira berriro. Carmenek lagun bat du egoitzan eta harekin berriketan hainbatetan aritzen da. Udan, asko irteten dira egoitzako lorategira eta asteburuetan senideen bisitak izaten dituzte.